Maiatzaren 15etik 23ra bitartean egingo den programazioaren barruan, Cebancek hitzordu gastronomiko berezi bat hartuko du.
Kultura Aniztasunaren Zinegotzigoak bultzatutako ekimen honek hiriko elkarteek urte osoan egiten duten lana jasotzen du. Aurtengo edizioan hogei erakunde inguruk hartuko dute parte, beren esperientzia eta komunitatearekiko lotura eskainiz, Donostiako gizarte-errealitatearekin konektatutako programazio anitza osatzeko.
Aurtengo berritasunetako bat Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren lankidetza izango da. Erakundeak bat egin du proiektua indartu eta sendotzeko, bizikidetzarako espazio partekatu gisa. Goizane Álvarez diputatuak adierazi duenez, “kultura funtsezko tresna da pertsonen eta errealitate desberdinen arteko zubiak eraikitzeko. Kulturen Arteko Astea gisako ekimenek aukera ematen dute aberastasun hori ikusarazteko eta gizarte-kohesioa indartzen duten espazioak sortzeko”.
Bestalde, Iñigo Garcia Villanueva Aniztasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, “lehenengo edizioa arrakastatsua izan zenez, aurten beste urrats bat eman nahi izan dugu, Kulturen Arteko Aste anbiziotsuago, irekiago eta parte-hartzaileago bat antolatu baitugu. Ekimen hau kulturen arteko topagune erreal gisa finkatzen jarraitu nahi dugu, herritarrek aukera izan dezaten elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta bizikidetza eraikitzeko, betiere elkarrekiko errespetua eta aitorpena oinarritzat hartuta".
Ekimen nabarmenen artean, CEBANCek kulturarteko bazkaria antolatuko du maiatzaren 20an, gastronomiaren eta partekatutako esperientzien bidez aniztasuna hurbiltzeko proposamen gisa. Bazkari honetan Donostiako Kulturen Arteko Astea bultzatzen duten erakunde eta elkarteek parte hartuko dute.

